Hamar trebezia psikosozial
Bizitzarako Trebetasunak eguneroko bizitzako (laneko, bikote bizitzako, bizitza sozialeko...) betebehar eta erronkei aurre egiteko erabilgarriak diren hamar trebeziaren sustapenean oinarritutako ikuspuntua da. Trebetasun horiek psikosozialak dira: ekintza pertsonalen, harreman sozialen edo ingurua aldatzeko ekintzetan ezar daitezke, osasuna eta ongizatea hobetzeko.
Aurrekariak
Bizitzarako Trebetasunak delakoaren ereduak Ottawako Itunean du jatorria. Bere xedea pertsonen gaitasuna hobetzea da, bizitza osasuntsuagoa eta pozgarriagoa izan dezaten. Horretarako, osasunaren eta ongizatearen alderdi erabakigarriak kontrolatu eta gizarte bidezkoagoak, solidarioagoak eta berdinagoak eraiki behar dira.
Jomtienez geroztik (1990), Bizitzarako Trebetasunen arloko heziketa (irakurtzeko, idazteko eta kalkulu matematikoak egiteko beharrezkoak diren gaitasunez gain) pertsona orok izan behar duen eskubidetzat jotzen da. Trebetasun horiek heziketaren kalitatearen eta bizitzan zehar ikasten denaren atal garrantzitsua dira.
Lan esparruan
1993an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Nazioarteko Ekimena jarri zuen abian, hezkuntza formalaren markoan Bizitzarako Trebetasunen heziketa sartzeko proposamena eginez. Gaur egun, ikerketa-eremua izaten jarraitzen du, bai eta garapenean dagoen praktika psikosozial aktiboa ere, eta munduko hainbat lekutan da ezaguna.
Bizitzarako Trebetasunek ekarpen handiak egin ahal dizkiete zenbait eremuri: osasunaren sustapena, arazo psikosozial jakin batzuen prebentzioa, gizarteratzea, hezkuntzaren kalitatea, giza garapen iraunkorraren sustapena...
Lan esparruan, gaitasun pertsonalak garatzeko eta arrisku psikosozialak prebenitzeko eredua dira. Gaitasun horien erabilerak jardun profesional hobea ahalbidetzen du, eta, modu horretan, zenbait arrisku psikosozial prebenitzen dira (zenbait lanbide sentikorragoak dira arrisku horiekiko).
Zenbait trebezia psikosozial indartuz, gaitasun pertsonala hobetzen dituzten tresnak dira. Gaitasun horri esker, arrakastaz egin ahal izango zaie aurre laneko bizitzako betekizunei.