Competencias Laborales y Prevención de Riesgos Psicosociales EDEX

Mobbing-a

Zer da?

1980an, Heinz Leymann zientzialariak mobbing (“eraso egin”, “jazarri”) izena jarri zion laneko jazarpenari edo jazarpen moralari. Esan dezakegu mobbinga dela, lantokian, pertsona baten aurka eragiten den indarkeria psikologiko errepikatua, nahita egindakoa. Helburua min psikologikoa eragitea da, biktimaren bizitza erabat zailtzea, lanpostua utz dezan. Jazarpena pertsona batek edo gehiagok egin dezakete.

Indarkeria hori etsaitasun giroko ekintza negatibo ugariren bidez ematen da: ahozko oldarkortasuna, irain publikoa, laneko gainkarga, mehatxuak eta bortxa, bazterketa, informazioa ezkutatzea, difamazioa, kritika eta zigor handiegiak, pertsona hori alboratzea edo ezikusiarena egitea, eta abar.

Laneko harremanen arabera, indarkeria modu desberdinetan ager daiteke. Mobbing bertikala (goranzkoa edo beheranzkoa) edo mobbing horizontala izan daiteke. Normalean, mobbinga goragoko postu batean dagoen norbaitek beheragoko posturen bateko norbaiti egiten dio (bertikala, beheranzkoa), baina maila bereko pertsonen artean ere eman daiteke (horizontala) edo goragoko postu batean dagoen pertsona baten aurkakoa ere izan daiteke (bertikala, goranzkoa).

Potentzialki, edonor izan daiteke erasotzailea edo biktima, baina figura horietako bakoitzean ezaugarri pertsonal jakin batzuk eman ohi dira.

Badirudi adituak bat datozela esaterakoan erasotzaileek lanerako gaitasun erdipurdikoak dituztela; izan ere, dituzten mugen jakitun direnez eta pribilegioak galtzeko beldurrez daudenez, grina handiegiz defendatzen dituzte euren funtzioak edo laneko estatusak, sumatzen duten edozein mehatxuren aurrean. Hori horrela, pertsona inbidiatsuak eta konfiantzarik gabekoak izan daitezke, eta, gizartean arrakastaz mugitzen diren arren, ez dute enpatiarik. Lar arrazionalak eta zurrunak izaten dira, eta emozioak adierazteko zailtasunak izaten dituzte.

Biktimak pertsona langileak, bikainak, sortzaileak eta arduratsuak izaten dira. Lanerako eta erakundea hobetzeko motibazioa izaten dute, eta erasotzaileak konpetentzia gisa ikusten du hori. Gainera, gutxi garatutako asertibotasuna eta komunikazio arazoak izan ditzake, eta pentsa dezake autoritatea ezin dela zalantzan jarri.

Mobbinga ahalbidetzen duten egoerak

Hurrengo aldagaien arteko konbinazioek laneko jazarpen morala ahalbidetzen dute:

Testuinguru soziala

Gure testuinguru soziokulturalak lehia eta indibidualismoa sustatzen ditu; ezaugarri horien arabera, edozerk balio du helburu jakin batzuk lortzeko.

Laneko testuingurua

Oro har, laneko testuinguruan, estresa sortzen duen edozein egoerak gatazkak piztu ditzake, eta, ondorioz, mobbinga ager daiteke. Adibidez, egoera hauetan:

  • Hutsuneak lanaren antolamenduan.
  • Enpresa-kudeaketa autoritarioa.
  • Komunikazio urria.
  • Gatazkak konpontzeko ezintasuna.
  • Laneko segurtasun falta.
  • ...

Eraso egoera hasi bada, funtsezkoa da biktimaren lankideek eta enpresako hierarkiak horren aurrean har dezaketen jarrera: gatazka ukatu dezakete, edo modu aktiboan inplikatu daitezke bertan.

Zenbait datu

Eraso jarraitua jasaten duen edozein pertsona alertan eta guardian dago beti, bere burua defendatzeko prest. Eta badakigu denboran zehar mantentzen diren alerta egoerek estresa sorrarazten dutela.

Jazarpenaren ondorioz, alterazio fisikoak (giharretako eta hezurretako minak, zefaleak, loaren gorabeherak, gose falta, zorabioak, hipertentsioa eta abar) eta alterazio psikosozialak (antsietatea, suminkortasuna, depresioa, apatia, kontzentratzeko arazoak, segurtasun eta erru sentimenduak, uzkurtasuna harreman sozialetan, droga gehiegi hartzea, suizidiorako asmoak eta abar) ager daitezke.

Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioak 2007an egin zuen “Lan baldintzei buruzko VI. Inkesta nazionalak” (http://www.oect.es/Obser..os/Desarrollados/Ficheros/Informe_VI_ENCT.pdf) dioenez, langileen %6,6k modu negatiboan baloratzen ditu lanean pertsonen artean ematen diren harremanak.

Bizi eta Lan Baldintzak Hobetzeko Europako Fundazioak 2006an egin zuen “Lan baldintzei buruzko laugarren inkesta europarrak” (http://www.eurofound.europa.eu/pubdocs/2006/78/es/1/ef0678es.pdf) dioenez, pertsonen %5 inguru laneko indarkeria, zirikatze edo jazarpen moralaren biktima izan da, inkesta egin aurreko 12 hilabeteetan.

Erasoen biktima izatearen eta arazo psikosomatikoak jasatearen arteko harreman handia dago: %41ek dio lo egiteko zailtasunak dituela, %39,1ek etengabeko neke-sentsazioa dauka, %28,8k buruko mina dauka, %39,7 urduri eta suminkor sentitzen da, %41,6 emozionalki nekatuta sentitzen da, eta %25,6k ez du lortzen arazoak atzean uztea.

Gainontzeko Arrisku Psikosozialetan bezala, oraindik ere ez da arazo honi aurre egiteko neurri seriorik hartzen, sorrarazten duen kostu ekonomikoa handia bada ere: 2002ko datu ekonomikoak erabiliz egin zen “Laneko eraso psikologikoaren –mobbing– eragin ekonomikoa EAEn” ikerketan (http://www.cica.es/aliens/jaes..ivos%20pdf%20tc/115tc.pdf) datu hauek daude jasota:

  • Mobbingak kaltetutako pertsonen laneko bajengatiko kostuak 240,4 eta 769,4 milioi euro bitartekoak dira.
  • Kaltetutako pertsonek depresioaren aurkako botikak hartzeagatik sorrarazten den gastua 2,8 eta 9 milioi euro bitartekoa da.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoan kaltetutako pertsonen gastu psikiatrikoa 128.000 eta 410.000 euro bitartekoa izan zen.

Kostu horiez gain, enpresak berak dituen kostuak gehitu beharko lirateke. Mobbingak laneko produktibitatea murrizten du, eta taldeko komunikazioa eta lana ere modu berezian okertzen dira. Gainera, kaltetutako pertsonaren baja edo absentzia dela eta, errendimendua jaitsi egiten da.

Página 3 de 3 Estrés laboral Burnout o síndrome de estar quemado Mobbing

Qué son las HpVPrevención de Riesgos PsicosocialesBiblioteca DigitalEnlacesContactar
© Fundación EDEX 2008-2018