Laneko estresaren kasuan bezala, burnoutari dagokionez ere, esan dezakegu aurkeztutako 10 trebezien erabilera orekatuak saihestu egiten duela “erretzearen” arriskua. Hona hemen prebentzioa modu zuzenenean bultza dezaketen trebeziak.
Autoezagutza
Gure autoeraginkortasuna sendotzeko, funtsezkoa da gure gaitasunak eta ditugun baliabideak ezagutzea; modu horretan, laneko betekizunei aurre egingo diegu. Gure sendotasunak eta ahulguneak zeintzuk diren jakitea (sendotasunak indartzeko eta ahulguneak konpentsatzeko) modu eraginkorra da gure erantzukizun profesionalari errealismoz aurre egiteko, lan jardunaren emaitzei buruzko itxaropen fantastikoak gaindituz.
Enpatia
Beste pertsona batzuei zerbitzuak ematea (sozialak, osasun arlokoak, hezkuntzakoak eta abar) burnouta izateko arrisku berezia dakarren egoera da. Hori dela eta, garrantzitsua da ulertzea hurkoak zer sentitzen duen, zer pentsatzen duen, zergatik eskatzen duen zerbitzu jakin bat, zelan baloratzen duen jasotako arreta… Beste pertsona baten “zapatetan” sartzeak ez du esan nahi arrazoia eman behar diogunik, baizik eta bere arrazoiak ulertuko ditugula. Modu horretan, errazagoa izango da harremana modu errealistan kudeatzea, liskarretatik urrunduta eta gure lanaren helburuekin bat etorriz.
Komunikazio asertiboa
Pentsatzen duguna modu asertiboan adieraztea, onartezina zaigun egoera eta horrek sentiarazten diguna deskribatzea, eta hurrengoetan gertatzea gustatuko litzaigukeena esatea, modu eraginkorrak dira burnouta sorraraz dezaketen egoerei aurre egiteko. Hori oso gaitasun garrantzitsua da, beste pertsona batzuekiko kontaktuan oinarritutako lanbideetan trebeak izateko.
Arazoak eta liskarrak konpontzea
Burnouta profesionalen eta erabiltzaileen arteko benetako edo imajinatutako gatazken ondorioa izan daiteke, edo burnouta duen pertsonaren eta bere konpromiso profesionalaren arteko gatazka baten ondorioa. Gatazkak eta arazoak modu egokian prebenitu, kudeatu eta konpontzen ikastea oso erabilgarria izan daiteke burnoutaren bilakaera geldiarazteko orduan, eta, hala beharko balitz, berau sorrarazten duten egoerei aurre egiteko erabakiak hartzeko orduan.
Pentsamendu sortzailea
Gaitasun honi esker, estres egoerei konponbide berriak emateko aukerak aztertu daitezke, beti erantzun bera izan beharrean. Era berean, modu horretan, lanetik kanpoko gure bizitzako esparru guztiak ase daitezke: kirola, irakurketa, musika, pintura, hizkuntza, yoga… Harreman pertsonal eta sozialak (familiarekin, lagunekin eta abar) indartzeak ere garrantzi bera dauka. Azken batean, lana esperientzia atseginez betetako bizitza baten parte denean, eta lanean esperientzia negatiboak baditugu, aukera gutxiago dago esperientzia horiek gure bizitza osoa inbaditu dezaten.
Emozioak eta sentimenduak kontrolatzea
Trebezia honek botere handia dauka estresa, eta, horren ondorio posibleetako bat den burnouta, prebenitzeko. Trebezia hori erabilgarria da gure mundu emozionaletik nabigatzen ikasteko eta gure sentimenduek laneko harreman sozialak kutsa ez ditzaten. Kontua ez da harreman horiek saihestea, baizik eta harremanok gainontzeko pertsonen eskubideak kontuan hartuko dituen modu batean kudeatzea.
Tentsioak eta estresa kontrolatzea
Ikusi dugunez, “erreta egotearen” sindromea etengabeko estres egoera baten emaitza da. Egoera hori gero eta indartsuagoa da, eta, azkenean, pertsona hori desgastatu egiten da emozionalki. Beste alde batetik, aldez aurreko estresa sendotzen duen egoera da; izan ere, lanarekin pentsatzea amesgaiztoa da “erretako” pertsona horrentzat. Estresa modu positiboan kudeatuz eta bideratuz, eta horren atzean dauden arrazoiak gainditzeko lanean arituz, sindrome hau prebenitu egin daiteke.