Aurkeztutako 10 trebetasunen kudeaketa eraginkorrari esker, mobbing arriskua prebenitu egin daiteke. Alde batetik, murriztu egiten da pertsona batek besteak jazartzeko probabilitatea; bestetik, biktima potentzialak edo taldeak baldintza hobeak izango dituzte egoera hori bere horretan mantendu ez dadin. Hona hemen mobbinga modurik zuzenenean prebenitzeko balio dezaketen trebetasunak.
Enpatia
Beste pertsona baten “azalean” jartzeko eta mundua bere begiekin ikusteko gaitasun hau garatzea jazarpen-portaerak prebenitzeko modu eraginkorra da. Jarrera psikopatiko posibleei buruzko ikerketa guztiek argi uzten dute pertsonalitate-ezaugarri horiek dituzten pertsonek ez dutela gaitasunik beste pertsona baten lekuan jartzeko eta, bertatik, beste horien sentimenduak ulertzeko. Gainontzeko pertsonen sentimendu eta ideiak onartu, baloratu eta errespetatzen ikastea funtsezko trebetasuna da mobbing arriskua prebenitzeko.
Komunikazio asertiboa
Asertibotasun egokia daukan pertsona batek badaki bere eskubideak, beharrizanak eta interesak defendatzen, eta badaki tratu iraingarriak eta aurkako jarrerak geldiarazten. Era berean, trebetasun honen kudeaketari esker, ez da beste pertsona batzuekiko jarrera oldarkorrik izango. Hori horrela, beste egoera batean pertsona erasotzaile gisa joka zezakeenak, gainontzekoekin errespetuz jokatzen ikasiko du.
Pertsonen arteko harremanak
Errespetatzea, modu atseginean jokatzea, lankidetzan aritzea, laguntzea… harreman sozial positiboak dakartzaten portaerak dira. Modu horretan, “kutsatze efektua” sor daiteke, pertsona bakoitza harreman onetan oinarritutako kate baten maila delarik. Horrela, botere-gehiegikeriek ez dute tokirik laneko giroan, eta jazarpena ere ez da onartzen.
Erabakiak hartzea
Mobbing egoerapean bagaude, oso zaila da erabaki egokiak hartzea, horrek erreakzio emozional ugari sortzen ditu eta: antsietatea, erru sentimendua, lotsa, beldurra… Trebetasun hau garatzean, aipatutako testuinguru zailetan erabakiak hartzeko aukera gehiago izango dugu. Kasu batzuetan, egoera salatu beharko da (zuzendaritzan, sindikatuetan, justizian…). Beste kasu batzuetan, gomendagarria izan daiteke erakunde toxiko hori uztea, tratu txarrak ahalbidetzen edo sustatzen dituen erakundea da eta.
Arazoak eta liskarrak konpontzea
Mobbinga harremanen arloko gatazka larria denez, gatazkak modu positiboan konpontzen ikastea egoera mota honi aplikatutako eraginkortasun handiko trebetasuna da. Gatazka honetan, pertsonen arteko inplikazioak mota desberdinetakoak izan daitezke (boterea erabiltzea, zuzendaritzaren axolagabekeria, lankideen konplizitatea…), eta, beraz, aurpegi asko dituen arazo soziala da.
Pentsamendu kritikoa
Trebetasun honi esker, pertsonen arteko harremanetan gure jarrera ardazten duten estereotipo eta aurreiritziak zalantzan jar ditzakegu. Gertakariak eta usteak desberdintzen lagunduko digun trebetasuna da, eta, aldi berean, inguruan ditugun pertsonak modu justuan baloratzen lagunduko digu. Sarritan, zurrumurruak ontzat hartzen ditugu, benetakoak ote diren pentsatu barik. Ideia horiek, batzuetan, justifikatu egiten dituzte inguruan ditugun pertsonei egiten dizkiegun gauza injustuak. Zurrumurruen transmisioan ez parte hartzea edo bertan ez dagoen pertsona bat ez kritikatzea modu positiboak dira nork bere burua kokatzeko eta jazarpena ez ahalbidetzeko.
Emozioak eta sentimenduak kontrolatzea
Emozioen kudeaketa egokiari esker, erreakzio emozionalak kontrolatu egin daitezke. Horrela, beharrezkoa ez den ezinegona saihesten da eta ez dugu lasaitasuna galtzen erasotzailearen probokazioen aurrean. Pertsona batek beste batzuei mobbinga egiten dienean (horretarako baldintzak ematen direnean), bere autokontrol emozional eraginkorra gauza ona izan daiteke, arrisku mota horiek saihesteko. Modu horretan, besteen gaineko mespretxua albo batera uzten duten alternatibak aktibatzen dira.